HIZKUNTZAREKIN JOLASEAN
Aditz horiek esan nahi dutena praktikara eraman nahi dugu “Hizkuntzarekin jolasean” sekuentzia didaktikoekin. 3 unitatetan txertatutako hainbat jarduerak osatzen duten material honen bidez, euskararekin jolasean ibiliko gara: hieroglifikoak edo istorio barregarriak asmatzen, hitzen esanahi ezkutuak deskubritzen, jolasak prestatzen, umorea umorez jorratzen eta txiste berriak sortzen. Eta guztia, beti ere, modu interaktiboan, parte-hartzailean eta ludikoan; talde-lanean, alegia.
Izan ere, sekuentzia hauen helburu nagusia ikasleek eta irakasleek ondo pasatzea eta ingurukoei ondo pasaraztea baita.
Horretarako, hizkuntzaren alderdi jostagarrietan barneratuko gara, sormena eta ahozkotasuna landuz: hainbat jolasez osaturiko mahai-joko bat egingo dugu, sare sozialetan zabaltzeko umorezko pieza ugari sortuko dugu eta umorezko jaialdi bat antolatuko dugu, hainbat lagun ezagunen laguntzaz.
Bide batez, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu egitasmo hau posible egin duen Hezkuntza Sailari, hainbat bideo erabiltzeko aukera eman digun EITBri eta bideoetan parte hartu duten adiskide guztiei.