Txisteak, ahozko umore herrikoia

Adiskideok! Barre egin behar dugu! Barre egin eta eginarazi!

Unitate honetan txisteak kontatu eta txisteak antzeztu egingo ditugu! Eta helburu horrekin, umore-jaialdi bat antolatuko dugu: “Txistealdia”.

Seguru txisteak entzuten dituzuela inguruan. Eta beharbada elkarri ere kontatuko dizkiozue batzu-batzuk. 

Unitate honetan ere, izango duzue horretarako aukera, baina, ezer baino lehen, jakin dezagun zer dakizuen txisteei buruz, eta zerekin lotzen dituzuen. 

Baina aurretik, txiste batzuk entzungo ditugu eta ez edozeinen ahotik! Primizia mundiala! Zuentzat bereziki prestaturiko txisteekin datozkigu Antton eta Julen Telleria, Zuriñe Hidalgo, Iker Galartza eta Idoia Torregarai! On egin!

Barrerik egin al duzue? Talde handian komentatu ea gustatu zaizkizuen edo zeintzuk gustatu zaizkizuen gehien.

Ondoren, talde txikitan bilduko zarete eta txisteak zer diren eta zein ezaugarri dituzten definitzen saiatuko zarete 10 bat minutuz, galdera hauek erantzunez Lan-koadernoan:

Zein da txisteen helburua?

Nork sortzen ditu edo nola ikasten dira?

Zenbateko iraupena dute?

Gertatuak ala sortuak dira?

Zeintzuk dira txisteen beste ezaugarririk nagusienak?

Talde txikietako lana amaitzean, bozeramaileek beren ondorioak azalduko dituzte talde handian. Batzuen eta besteen ondorioak erkatu eta ondorio orokorrak aterako dituzue.