UNITATEAK NOLA ERABILI

Webgunearen goiburuan, hasierako orriaz gain, material pedagogiko hau osatzen duten hiru unitate didaktikoak aurkituko dituzue: “Mahai-jokoa”, “Sare sozialetan” eta “Txistealdia”.

Unitate bakoitzak 3 fase ditu: hasiera-fasea, garapen-fasea eta amaiera-fasea. Unitate bakoitzean, bi alor jorratuko dira, sekuentzia banatan antolatuta dauden jardueren bitartez. Unitateko azken fasean planteatzen den helburua edo erronka gauzatzeko, komenigarria litzateke garapen faseko bi sekuentziak lantzea, nahiz eta bakarra landuta ere erronka egiteko gai izango zareten.

Hasierako orrian, materialaren inguruko informazioa topatuko duzue: nola erabili, egitasmoaren nondik norakoak eta irakasleentzako gida didaktikoak. Egitasmoaren nondik norakoak atalean sartuta jakingo duzue zer helbururekin sortu dugun material hau; bertan metodologiaren inguruko informazioa aurkituko duzue, helburu didaktikoak zein diren, edukiak… Gida didaktikoak atalean, berriz, irakasleentzako gidak topatuko dituzue. Unitate bakoitzak bere gida dauka eta horiek ere saretik deskargatzeko moduan daude. Gida horietan, jarduerak gauzatzeko azalpenak aurkituko dituzue, irakaslearentzako informazio osagarria, eranskinak eta baita ikasleek bete beharko dituzten lan-koadernoko fitxak ere.

Unitateak lantzen hasteko, jorratu nahi duzuen unitatean klik egitea besterik ez duzue. Aukeratutako unitatean sartzerakoan, unitatearen egitura agertuko zaizue orriaren goialdean, eta fase bakoitzaren gainean sakatuta, fase hori aurrera eramateko egin beharreko jarduerak aurkituko dituzue. Dena den, jarduerak bata bestearen jarraian egitea aholkatzen dugu, ikasi beharreko ezagutzak modu egokian jaso ahal izateko. Jarduera batetik bestera pasatzeko, hurrengo jarduerara eramango zaituzten botoia sakatu beharko duzue.

Bestalde, jardueren osagarri gisa, lan-koadernoa txertatu dugu hainbat kasutan. Jardueran bertan azalduko zaizue zein kasutan jo behar duzuen lan-koadernora eta bertan zer egin  beharko duzuen. Kasu hauetan, lan-koadernoko botoian klik egin, eta Drive formatuko beste leiho batean zabalduko zaizue bete beharreko fitxa. Ariketak osatzen hasi aurretik, dokumentuaren kopia bat egin beharko duzue eta, ondoren, zuen Driveko karpetan gorde, modu digitalean lan egin nahi izanez gero. Saretik deskargatu eta inprimatzeko aukera ere baduzue, paperean egin nahiko bazenute.