Erabil ditzagun irudiak
Jarduera honetan irudiak eta sinboloak erabiltzen hasiko gara. Nolakoak? Era guztietakoak:
Objektuak (artikuluarekin ala gabe, gure beharren arabera).
Pertsonaiak (izena ala deitura erabil genezake, gure beharren arabera).
Hiriak, tokiak, markak… Era guztietako sinboloak, 3. jardueran ikusitakoetatik hasita.
Irudiak aukeratzeko bi ohar garrantzitsu emango dizkizuegu:
Zerikusi zuzena ez izatea
-
- Aukeratuko dugun irudiak ezin du zerikusi zuzena izan asmatu behar dugun hitzaren esanahiarekin. Adibidez, esku bat eta baloi bat jarrita ‘eskubaloia’ adieraztea ez da hieroglifikoa, hitzaren esanahi zuzenarekin zerikusia duten irudiak direlako.
Identifikagarriak izatea
-
- Garrantzitsua da, bestalde, elementuak eta irudiak aukeratzerakoan, identifikagarriak eta gehienen ezagunak izatea. ‘Zuri’ lortzeko ‘Zuriñe’ bat behar badugu, esate baterako, Zuriñe Hidalgoren irudia erabiliko genuke, ziurrenik, gehien ezagutuko den ‘Zuriñe’, bera izango delako.
Hona hemen adibide batzuk:
Elementuak, osorik erabil genitzake, edo beharrezko diren silaben arabera, behar ditugun silabak hautatuz.
Ad: Go!azeneko Be(go) + (Ju)len pertsonaiak = Belen.
Aurpegi erdiak erakutsiz, izenen bi silabetako bat aukeratuko dugu.
Silabei dagozkien irudien kokapenak ere alda daitezke, erantzun berri bat lortzeko.
Ad: GATIBU taldearen argazkia 3 zatitan banatuta (GA – TI – BU) eta 3. zatia beste bien aurretik jarrita…
BU-GA-TI auto-marka dugu!
Irudi barruan hizki bat edo silaba bat sartzen badugu, hizki edo silaba hori, irudiari dagokion hitzean tartekatu behar dugu.
Ad: Kolore horiko hondoan R bat egonik, horia → orria bihurtuko da.
(H-a ahoskatzen ez denez, ez da aintzat hartzen).
Bide beretik, irudiari dagokion hizki bat aldatzen dela adierazteko,
“o → a” bezalako formulak erabil daitezke, gezien laguntzaz.
Aurreko adibidean “o → a” formulak, “horia” → haria bihurtuko luke.
Ondoren, talde txikitan elkartu eta ea adibide hauek asmatzen dituzuen:
Bide batez, hieroglifiko berriak egiteko ideiak sortzen bazaizkizue, Lan-koadernoan idatzi. Horiek guztiak, mahai-jolaserako fitxa berriak egin beharko dituzuen sekuentziaren azken jardueran oso baliagarriak izango zaizkizue-eta.