Sinboloz inguratuta bizi gara
Beste sekuentzia bat lantzeari ekin behar diogu. Beste jolas batzuk asmatzen ikasteko prest? Laster hasiko gara jolasean, baina aurretik erantzun galdera hauei talde handian:
Ezagutzen al dituzue irudi hauek? Zer esan nahi dute? Zer dira?
Eta orain, begiratu ezazue zuen ingurura: gela, patioa edo kalea, ikaskideen arropa eta ikasmaterialak… Edo gogoan hartu zuen gertuko espazio eta jarduerak: etxea, auzoa, telebista-saioak edo telesaiak, aisialdi-taldeak… Ikurrez edo sinboloz inguratuta bizi gara! Darabilgun aplikazio bakoitzak bere ikurra du, kirolean taldeen koloreak eta herrialdeen banderak astintzen dira, erlijio eta ideologia bakoitzak bere sinboloak ditu.
Mezuak trukatzean emotikonoak darabiltzagu, eta etxetresnetako sinboloek dir-dir egiten dute zer dugun piztuta jakin dezagun…
Izan ere, ikurrak gizakia gizaki denetik erabiltzen dira. Eta zalantzak badituzue… entzun belarritik Antton Telleriak dioena!
Ohartuko zineten bezala, era askotako ikurrak edo sinboloak daudela. Ikurrak sailkatzeko, askotariko irizpideak erabili ohi dira, eta guk, adibide gisa bi modutan sailkatuko ditugu:
Esparruaren arabera
-
- Zientzia- eta teknologia- ikurrak
- Erlijio-ikurrak
- Nazio-ikurrak
- Ikur komertzialak
- Kiroletako-ikurrak
- Komunikazio-ikurrak
Formaren arabera
-
- Forma geometrikoak
- Objektuak
- Animaliak
- Irudi abstraktuak
- Hitzak edo letrak
- Askotarikoak edo konbinatuak (elementu desberdinekin)
Ondoren, bi ardatz horiek konbinatuz, lan-koadernoan duzuen taula osatu beharko duzue, edo gutxienez, ahalik eta lauki gehien beteko. Ea zein taldek lortzen duen taularik osatuena!
Lanak amaitutakoan, konpara itzazue taldeek egindako taulak. Bide batez, zer ikur gustatu zaizue gehien?
Sekuentzia honetan, hieroglifikoak osatzeko horrelako irudiak beharko dituzuenez, hasi ikur eta irudi horiek guztiak biltzen eta zuen IRUDITEGIA osatzen. Prestatu horretarako artxibo-biltegi berezi bat, askotan jo beharko duzue-eta bertara.