Hitzetatik abiatutako hieroglifikoak
Hieroglifikoak sortzeko sekretu asko eta asko argitu ditugunez, talde txikitan elkartu eta ikasi dugun guztia praktikan jartzen hasiko gara.
Nondik hasi, ordea? Lehenengo eta behin, hitzetatik hasiko gara. Era guztietako hitzak eta izenak erabiliko ditugu: hitz arruntak, pertsona-izenak, leku-izenak edo burura datorkizuen edozein hitz edo izen. Hitzak euskarazkoak izango dira. Izenak nonahikoak izan daitezke.
Hieroglifikoen sorkuntza errazteko, hitzak eta izenak deklinatu ahal izango dituzue,
adjektiboak, artikuluak edo zenbakiak erantsi, edo hitz-konposatuak osatu.
Esate baterako, Erroma hitza. Pentsa dezagun Erro zatia irudikatzeko arazorik ez duzuela, baina ez dakizuela zer egin Ma horrekin. Bada, Erromara aukera erabil dezakezue, hitza bitan zatituz: erro batetik eta mara bestetik. Edo beste adibide bat, Vendetta taldearekin hasi zarete. Vende zatia irudikatzeko Bn D jartzea pentsatu duzue, baina Ta horrekin ez dakizue zer egin. Bada, erantzuna Vendettak bihurtu eta tak hori, erlojuaren tik-…. horri falta zaiona izan daiteke.
Hasi jolasean beraz, eta ea noraino iristen zareten. Zalantzak argitzeko ez zalantzarik izan eta irakasleari galdetu edo hiztegietan edo Interneten begiratu.
Ea ahalik eta hieroglifiko gehien sortzen duzuen. Hori bai, ez ahaztu osatzen dituzuen guztiak Lan-koadernoan jaso behar dituzuela.