Taula eta jolasaren mekanika

Mahai-jolasa egiteko, elementurik garrantzitsuenetako bat diseinatzea falta zaigu: taula, hain zuzen ere. Taularik gabe, nekez jolastuko dugu mahai-jolas batean!

Ondo dakizuen bezala, mahai-jolasetako taula gehienek ibilbide bat izan ohi dute, eta berau osatzen duten laukitxoetan (guztietan edo batzuetan) erortzen den jokalariak probaren bat egin behar du.

Hauxe da, beraz, jarduera honetan egin beharko duzuen lana: horrelako taula bat prestatzea. Lana errazteko, nolanahi ere, Lan-koadernoan duzue eredu bat. Eredua esan dugu, alegia, ez derrigor erabili edo kopiatu beharreko zerbait!.

Mahai-jolasaren taulari dagokionez, erabaki hauek hartu beharko dituzue, talde txikitan banatuta:

    • Izena erabaki, eta horrekin lotuta ikurra eta irudiak.
    • Jolasteko erabiliko duzuen ibilbidea zehaztu: zenbat lauki izango dituen taulak eta laukietan nola banatuko dituzuen probak.
    • Jolasaren mekanika orokorra zehaztu (proba bakoitzarena hurrengo jardueran egingo duzue), proba bakoitzean nola eta zenbat aurreratuko den erantzunen arabera finkatu eta mahai-jolasaren arauen orria idatzi eta diseinatu.
    • Taula fisikoki egin.

Orotara, 30-40 lauki izan genitzake eta amaierara iristen den jokalariak irabaziko du. Komeni da, laukitxoak, dugun materialaren arabera banatzea. Hau da, probaren batean material bikoitza sortu badugu, proba horri lauki-kopuru bikoitza ematea. 

Asmatu ditugun proba guztiak laukitxoetan banatuko ditugu , Hitza-pasa! izan ezik. Hitza-pasa! izango da azken proba. Taula diseinatzerakoan, beraz, aintzat hartuko dugu datu hori. Honek bi eratara jokatzeko aukera emango digu:

      • Hitza pasa! proba gabe. 
      • Hitza pasa! probarekin.

Koloreen arabera bereiziko ditugu proba-mota desberdinen laukiak.

Proba bakoitzean, emandako erantzunen arabera zenbat lauki aurreratuko diren zehaztu beharko da.

Talde txikitan lanean ari zareten bitartean, taula egiteaz arduratzen den taldeak, mahai-jolasetako taulak (eta gure eredua) aztertu ditzakete eta aurre-diseinu bat egin. Beste taldeak erabakiak hartzen zoazten neurrian, beraiek bere diseinuan txertatuko dituzte. 

Diseinua burututakoan, onartutako arau eta material guztiei azken errepasoa emango zaie talde handian. Erabaki guztiak hartuta daudenean, taulaz arduratzen den taldeak, taula fisikoa egingo du.

Saririk izango bada, zer izan daitekeen jokatzen hasi baino lehen erabaki, badaezpada ere!