Galderak ere behar dira
Hieroglifikoak sortzen ari gara ikasten, eta ale batzuk ere asmatu ditugu. Baina hieroglifikoen pieza garrantzitsu bat falta zaigu oraindik: definizioa edo galdera.
Galderak asko lagundu dezake erantzuna asmatzeko unean, beraz, ez da komeni hieroglifikoa ikusi gabe erantzun daitekeen galderarik. Esate baterako, “Bizkaiko hiriburua” galdetzen badugu, hieroglifikoari erreparatu gabe ere, badakigu erantzuna “Bilbo” dela. Ez ordea, “Hiri ezaguna” esaten badugu.
Galderek, erraztu edo zaildu dezakete erantzunerako bidea. Aipatu berri dugun adibidean, “Hiri ezaguna” galdetzen badugu, jokalariak badaki hiri ezagun bati buruz ari garela. “Badakizu non dagoen” esango bagenu, ordea, lehiakideak ez luke jakingo zertaz ari garen ere.
Batzuetan gertatu ohi da, erantzuna izan arren, ez dakigula zer galdetu. Galderak aurkitzeko modu desberdinak daude. Erabilienetako batzuk izan ohi dira, definizioa erabiltzea edo hitza bilatzailean sartu eta zein esalditan agertzen den begiratzea, esaldi horiek definizio bihurtuz. Esate baterako: gure erantzuna ´bidegurutzean´ da, baina, ez dakigu zer galdetu. Bada, sartu ´bidegurutzean´ hitza bilatzailean eta “istripua izan da herriko sarrerako bidegurutzean” bezalako esaldiak irakurri ahal izango ditugu. Eta, ideia horietan oinarrituta honako galdera hauek sor genitzake:
Autoa galduta dabil… // Bueltaka ari da… // Istripua izan da sarrerako…
Entrenatzen hasteko, ariketa sinple bat egin dezakezue… Aldatu galdera orain arte ikusi ditugun hieroglifikoei. Saiatu zuen gertuko erreferentziak erabiltzen.