Hizkuntzak zertarako?
Kaixo! Ongi etorri, jolas egiteko helburuarekin sortu dugun unitate honetara. Gu berau prestatzen adina dibertituko zaretela espero dugu.
Baina ezertan hasi baino lehen, galdera bat egin behar dizuegu:
Galdetu al diozue inoiz zeuen buruari zertarako balio duten hizkuntzek?
Denok dakigu hizkuntzaren bat. Testu hau irakurtzen ari zaretenok, esate baterako, gehiago ala gutxiago hiru jakingo dituzue: euskara, gaztelania edo frantsesa eta ingeles pittin bat gutxienez. Eta batzuek etxean beste hizkuntzaren bat ere hitz egingo duzue: arabiera, wolofa, errumaniera, amazigha, katalana, txinera edo besteren bat.
Zenbat hizkuntza ote dakizkigu gure gelan? Pentsatu al duzue inoiz? Jakin dezagun, bada! Zerrendatu itzazue arbelean, gelakide guztien artean dakizkizuen hizkuntzak. Zenbat atera dira?
Horixe da zuen gelako eleaniztasunaren mapa.
Baina itzul gaitezen hasierako galderara: zertarako balio dute hizkuntzek? Alegia, zertarako balio dizuete dakizkizuen hizkuntzek?
Ikus dezagun zein diren bat-batean sortzen zaizkizuen erantzunak talde handian. Idatz itzazue arbelean.
Batzuk sortu zaizkizue, ezta? Bada, orain, utzi erantzun horiek eta ikusi BIDEO hau.
Bideoa amaitutakoan, hartu tartetxo bat pentsatzeko, eta ea beste erantzunen bat bururatzen zaizuen aurretik zeneukaten zerrenda osatzeko, Antton Telleriak bideoan aipatu dituenak aintzat harturik.
Anttonek argitu digunez, hizkuntzek funtzio asko betetzen dituzte, eta horien arteko garrantzitsuenetako bat funtzio ludikoa da; alegia, hizkuntzarekin dibertitzea, jolas egitea eta sormena lantzea. Horixe da unitate didaktiko honekin lortu nahiko genukeena. Eta hori lortzeko, mahai-jolas bat egingo dugu.
Ezagutzen al duzue horrelakorik? Elkartu talde txikitan eta osatu hitz-jokoak dituzten edo hizkuntzarekin jolas egiteko balio duten eta ezagutzen dituzuen mahai-jokoen zerrenda. Bereizi euskarazkoak, gaztelaniazkoak edo beste hizkuntza batzuetakoak. Gogoratu zein mahai-jolas dituzuen eskolan edo etxean eta saiatu ahalik eta zerrendarik luzeena osatzen. Interneten ere egin dezakezue kontsulta.
Ondoren, talde handian, gelako zerrenda osatuko duzue denon artean.