Hitz eta pitz
Adiskideok! Ongi etorri, hizkuntzarekin jolas eginez, sare sozialetan zabaltzeko moduko pieza umoretsuak sortzea helburu duen unitate didaktiko honetara.
Ez al duzue garbi zertaz ari garen? Entzun zer dioen Antton Telleriak eta zalantza guztiak argituko zaizkizue.
Batzuk eta besteak hizkuntzarekin jolasean ari dira. Eta zuek? Ezagutzen al duzue horrelako hizkuntza-jolasik? Zuen burua gai ikusten al duzue horrelakoak sortzeko? Azaldu zuen iritziak talde handian.
Bada, unitate honetan horrelakoak euskaraz sortzen ikasiko duzue. Eta, zuen artean, bere burua horretarako gai ikusten ez duen norbait balego, esango diogu, ematen duena baino errazagoa dela, eta beste hainbat alorretan bezala, teknikak ikasiz gero, edozein dela gai. Animo, beraz!
Izan ere, kontatu al duzue inoiz txisterik? Nahi gabe, bihurritu al duzue hitzen bat? Saiatu al zarete asmakizunen bat igartzen? Hitz-jokorik egin al duzue mezuren batean? Ziur baietz, gehiago edo gutxiago denok jolastu izan baitugu noizbait hitzekin, berbekin edo eleekin. Batzuetan nahita, beste batzuetan nahi gabe, eta baita ohartu gabe ere, okerreko hitzak erabiliz edo hanka sartuta.
Hizkuntzak jolasgai dira munduko hizkuntza guztietan, eta zenbat eta hobeto menderatzen ditugun, orduan eta jolasgarriagoak zaizkigu.
Are gehiago, hizkuntza- eta hitz-jolasen bidez hizkuntza bera hobeto ikasten da eta eraberritu egiten da. Horixe bera egiten saiatuko gara gu ere. Begira zer esaten duen Josune Zabala ikerlari eta ahozkotasunean adituak, gazteek hizkuntzarekin jolas egin behar ote duten galdetu diogunean:
Ados al zaudete? Zergatik? Eta zuek egiten al duzue nahikoa jolas hizkuntzarekin? Eta euskararekin?
Eztabaidatu talde txikitan eta ondoren bozeramaileek azal ditzatela ondorioak talde handian.