Istorio harrigarriak

Zerrendan ditugun leku-izenekin jolasteko beste aukera polit bat istorio harrigarri eta dibertigarriak asmatzea izan daiteke, ondoren, sarean bideo modura zabaltzeko.

Gure lehen istorioak munduko leku-izenekin osatuko ditugu. Eta erabiliko dugun materiala leku-izenak izango direnez, istorioaren oinarria bidaia bat izan daiteke.

Hona aukera batzuk:

    • Bidaia historiko bat, gertaera ezagun batean inspiratua (lekuetara iritsitako lehen euskaldunak, munduari bira, espedizio ezagunak…). Istorio asmatu honetan, gertaera eta pertsonaia errealak txerta ditzakezue, sinesgarritasun gehiago emateko. Edo gaur egunean gertatzen den istorio bat ere izan daiteke, erreferentzia ezagunak erabiliz.
    • Istorioaren funtsa izango da, aipatzen duzuen leku bakoitzak zergatik duen izen hori azaltzea. Horretarako, euskarazko esanahi horretan oinarritutako azalpenak eta gertaerak asmatuko dituzue. Adibidez :
        • “Gabon” baldin bada, esan dezakezue, euskaldunak hara iritsi zirenean, leher eginda zeudela, eta itsasontzitik jaitsi orduko lo egitera etzan zirela; edo gauez iritsi eta bertakoei esan zieten lehen hitza “Gabon” izan zenez, eta gauero esaten zietenez, bertako herritarrek hitza ikasi eta erabiltzen hasi zirela, herrialdeari izen hori eman arte.
        • “Zeelanda berria” aukeratuko bagenu, kontatu ahal izango genuke, euskaldunek irla asko ikusi zituztela, baina irla hura berezia iruditu zitzaienez, esploratzaile batzuk bidali zituztela eta itzultzean hala galdetu zietela: “Zelan da berria?”.
    • Aurrena gai nagusia zein izango den zehaztea komeni da, eta ondoren ondo pentsatzea, hasiera, eta amaiera, eta horri lotzea istorioaren bilakaera. Ondo etorriko zaizue, gainera, lekuen arteko ibilbide logiko bat osatzea eta data zehatzak erabiltzea.

Zuen istorioa asmatzen hasi baino lehen, ordea, ikusi Amerikara iritsi ziren lehen euskaldunen historia Kike Amonarrizek kontatua.

Zer iruditu zaizue kontakizuna? Bada, orain, elkartu talde txikitan eta eskuartean duzuen leku-izenen zerrendarekin asma ezazue beste istorio bat.

Horretarako, eta lana errazteko, Lan-koadernoan duzuen taula bete beharko duzue, lehendabizi. Erreferentzia gisa, ikusi dugun bideoari dagokiona erakutsiko dizuegu.

Lan-koadernoko taula betetakoan, istorioa asmatzen hasteko prest izango zarete. Gutxienez bospasei elementu izan ditzan ahalegindu behar duzue.

Istorioa idatzi eta prest utziko duzue amaiera fasean egingo dituzuen grabaketetarako.