Nolako umorea
Umore-teknikak eta barrea eragiteko bideak asko eta oso desberdinak dira. Sekuentzia honetan, hizkuntza gehienetan erabili ohi den formula bat hartuko dugu umore-piezak sortzeko erreferentziatzat:
“Nola esaten da X hizkuntzan… ?”
Baina jolasean hasi baino lehen, landuko dugun umorearen ezaugarriak definituko ditugu, eta hasteko, talde handian galdera honi erantzungo diogu:
Umorea zer da, ona edo txarra? Eta zergatik?
Eztabaida girotzeko, umoretsuak ote diren galdetuta, bost artista handik zer esan diguten ikus dezakezue.
Aurrera eta ongi etorri Julen Telleria, Zuriñe Hidalgo, Idoia Torregarai eta Iker Galartza!
Gure adiskideen testigantzak entzun ondoren, zuen artean eztabaidatzeko unea da.
Zer moduz joan da eztabaida? Interesgarria izango zen iritzi- trukaketa, ezta? Baina, esaerak dioen bezala, ”zuri guztiak ez dira irinak, eta beltz guztiak ikatzak”. Izan ere, umorearen bidez, barreak, irriak eta momentu gozoak sor daitezkeen bezala, kontrako sentimenduak ere eragin baitaitezke: txiste batek haserrea piztu dezake, esaldi zirikatzaile
batek jendea mindu eta karikatura batek heriotzak eragin. Umoreak onura asko ditu (psikologikoak eta osasunari dagozkionak barne), baina baita bere arriskuak ere. Asko eztabaidatu izan da umorearen eraginaz eta umorearen mugez. Eta guk ere gai hauen inguruan hausnartuko dugu.
Talde txikitan bildu eta identifika itzazue Lan-koadernoan duzuen taulan, umore-eskaintza
edo egoera egokiak batetik, eta desegokiak edo kaltegarriak, bestetik.
Ariketa amaitu ondoren, talde bakoitzeko bozeramaleak, talde handian aurkeztuko ditu bere ondorioak, eta talde guztiek beren aurkezpenak amaitutakoan, orokorrean ateratako ondorioak landuko dituzue.