Munduko euskal izenak

Askotan entzungo zenuten, euskara hizkuntza “isolatua” dela eta ez duela ahaidetasun ezagunik munduko beste inongo hizkuntzekin. Hori dela eta, teoria desberdin ugari daude, munduko hainbat hizkuntzekin lotzen dutenak, ezer garbirik frogatu ez bada ere.

Guk ez dugu horrelako teoriarik landuko, baina munduan zehar euskarazko esanahia izan dezaketen leku-izenen bila abiatuko gara, gero izen horiekin, sare sozialetan zabaltzeko moduko umorezko piezak osatu ahal izateko.

Banatu talde txikitan. Talde bakoitzari kontinente bat egokituko zaizue zozketa bidez: Europa, Afrika, Ipar-Amerika eta Ertamerika, Hego-Amerika, eta Asia eta Ozeania. Talde gehiago izanez gero, kontinenteren bat errepika daiteke.

Hasteko, herrialdeekin, eskualde nagusiekin eta hiriburuekin jolastuko dugu. Talde bakoitzak dagokion mapa hartu eta bertan euskarazko esanahia izan dezaketen leku-izenak bilatzen saiatu behar du. Ea nork biltzen dituen gehien! Esate baterako:

Europa

Viena = Biena

Afrika

Dakar = (Berak) dakar

Ipar / Ertamerika

Oregon = Hor egon

Hego - Amerika

Quito = Kito!

Asia - Ozeania

Zeelanda Berria = Zelan da berria?

Baliagarriak izan daitezkeen leku-izenak identifikatzerakoan, ondorengo irizpide hauek ere aintzat har itzazue:

    • Izenen batek, deklinatuta, euskarazko zentzua hartzen badu, ontzat eman. Adibidez, “Arabia” zalantzazkoa izan liteke, baina, “Arabian” hitzak euskarazko zentzu garbia du: “Hara bi han”.
    • Batu-batua ez izan arren, baliagarriak izan daitezkeen izenak aurkituz gero ere, erabil itzazue. Kaleko hizkeraren edo euskalkiren baten kutsua dutenak ere aintzat hartuko ditugu, beraz. Adibidez “Islandia” = “Isla handia” (nahiz eta batuaz ‘isla’, ‘irla’ edo ‘uhartea’ izan,
      erabilgarritzat joko dugu); edo “Hanoi” = “Jan ho(r)i”.

Behin zerrendak osatutakoan, bi modutara landuko ditugu hurrengo jardueretan:

    • Galderak sortu eta txistea osatu.
    • Ditugun hitzekin eta izenekin istorio laburra osatu, bakarrizketa bat balitz bezala.

Urratsez urrats egingo dugu aurrera.