Imitazioen oinarriak

Jorratu nahi dugun umorearen ezaugarriak definitu ondoren, “Nola esaten da X hizkuntzan…….. ?” formatuko txisteak lantzeari ekingo diogu euskaratik abiatuta. Era honetako formulak oso erabiliak dira munduan zehar, eta seguruenik ezagutuko dituzue euskaraz nahiz beste hizkuntza batzuetan. Zuen artean, inork ba ote daki era honetako txisterik? Hala baldin bada, azal ezazue talde handian zein hizkuntzatan dakizkizuen eta adibide batzuk jarri.

Ohartu bazarete, formula horien oinarrian dagoena imitazioa da. Hizkuntza jakin baten hiztunek, beste hizkuntza batzuetako hiztunak imitatzen dituzte: hizkuntzak, hizkerak, eta baita antzeztuz gero, mugitzeko edo janzteko moduak ere.

Zuek, saiatu al zarete inoiz inor imitatzen? Eta zer imitatu zenioten?

Ikus dezagun imitatzaile onek nolako imitazioak egiten dituzten.

Zer aspektu dira imitatzaile horiek zaindu dituztenak? Zerrendatu itzazue talde handian.

Hitz-jolasetan ere aspalditik erabili izan dira imitazioak eta antzekoak. Zuek ere egingo zenuten noizbait imitazioren bat: norbaiten hitz egiteko modua imitatuz (azentua, hizkera, hizkuntza…), edo pertsonaren baten hizkeraren berezitasunak markatuz (klixeak, hitz bereizgarriak, esamoldeak…).

Eta orain, zuen arteko inor animatuko al litzateke BIDEO honetan agertzen diren pertsonaia ezagun hauetakoren bat imitatzen? Bada, denok saiatu beharko duzue!

Aurrena, talde txikitan landu imitazioak, elkar lagunduz. Mugimenduak, ahotsa eta intonazioak ahalik eta antzekoenak izan daitezen saia zaitezte, eta ondoren, talde handian erakutsi landutako imitazioak.