Lanbide predestinatuak

“Izena duen guztia bada” dio esaera zaharrak, baina zer da izena duen guztia? Benetan dirudiena da, ala beste zerbait da?

Konparazio batera, Itxaso Barea izen-deiturak entzunda, zer datorkigu burura, olatuak harrapatzeko trebetasun gutxi duen pertsona, pertsona lasai eta orekatua, ala justu aurkakoa, ipurtarin eta urduria?

Edo Gerriko Baltza deiturak dituen haurra ezagutuko bazenute, handitan zein lanbide edo zaletasun izan dezakeela esango zenukete?  

Rockero irudikatu duzue, ala… judoka?

Zuen ustez, ba ote dago harremanik izenaren eta izanaren artean? Guk ez dakigu, baina aitzakia hori erabiliko dugu jolaserako. Jolas honen teknika nagusia honako hau da: esanahia duten izenak eta deiturak modu egokian konbinatu eta berauek lanbide edo egoera jakin batzuekin lotzea, modu horretan efektu komikoa lortuz.

Talde txikitan bildu eta bi zutabe beteko dituzue Lan-koadernoan, bata izenekin eta bestea deiturekin. Euskaraz esanahi garbia duten izenak edo deiturak izango dira guztiak. Euskal jatorriko izen-deituretatik has zaitezkete, baina saiatu beste hizkuntzetan ere horrelakoak aurkitzen. Bilaketa errazteko, hona adibide batzuk:

Izenak

    • Hodei, Lur, Lore, Haritz, Harkaitz, Usoa, Amets, Aratz…
    • Betty (beti), Larry (larri), Ann (han), Ian (jan), Ken, Harry (jarri), Nabil, Aziz (haziz), Hana (jana), Irina, Lucía (luzea), Andrea, Dana (dena), Laura…

Deiturak

    • Arin, Baltza, Egia, Etxeberria, Egidazu, Belarra, Zabala, Maiz, Aldanondo…
    • Harris (jarriz), King (-kin), Hill (hil), Berry (berri), Zidane (zidan), Hassan (jasan), Zahara (zara), Mendez, Villa (bila), Vera (behera), Vidal (bidal), Edo…

Ea zein taldek aurkitzen dituen era honetako izen eta deitura gehien 10 minututan (zalantzazko kasuetan, galdetu irakasleari eta berak erabakiko du egokiak diren edo ez).

Lanak amaitu ondoren, bozeramaileek talde bakoitzaren ekarpenak aurkeztuko dituzte talde handian. Era horretan, beste taldeetako ekarpenak ere ezagutuko dituzue eta egokiak eta politak iruditzen zaizkizuenak zuen zerrendetara erantsi ahal izango dituzue.

Ondoren, talde txikitan elkartuta berriro, izen-deiturak lotzen hasiko zarete eta konbinaketa bakoitzari bere galdera edo definizioa erantsiko diozue, edo konbinaketak iradokitzen duen lanbide bat izendatu.

Konbinaketa-mota desberdinak egin daitezke: bi izen, izen-deiturak edo deiturak bakarrik. Bestalde, galderak edo definizioak egiterakoan, aurreko jardueretan erabili ditugun irizpideak har itzazue aintzat.

Orain zuen txanda da: ea nork asmatzen dituen lanbide predestinatu gehien, eta, horien artean, deigarrienak eta barregarrienak. Lan-koadernoan, ahalik eta zerrendarik luzeena osatu, bertan dituzuen adibideak jarraituz.

Lanak amaitzean talde handian aurkeztuko dituzue, eta eragozpenik ez duten guztiak prest utziko dituzue sareratzeko.