Hitzen alderdi ezkutua

Hizkuntzarekin jolas egiteko modu asko dago, eta unitate honetan, bereziki, sare sozialetan zabaltzeko moduko hitz-jolasen inguruan arituko gara.

Jolas hauetako askoren oinarrian dagoena da, hitz berbera hainbat modutan uler daitekeela. Hitz batzuek esanahi bat baino gehiago dute eta polisemikoak esaten zaie: ez da gauza bera urria (gutxi) eta urria (hilabetea). Gabon! esaten badugu, “baita zuri ere”  erantzun diezagukete edo “Hiriburua, Libreville”, Gabon Afrikako estatu bat ere badelako.

Bestalde, hitz berberak esanahi desberdinak izan ditzake hizkuntza batean ala bestean. 

Hona hemen adibide batzuk:

    • Ahora (euskaraz, ahoan zerbait sartzea) edo ahora (gaztelaniaz, orain).
    • Naiz, lehen pertsonako aditza da euskaraz, baina oso esanahi desberdina du ingelesez ia modu berberean ahoskatzen den nice hitzak.
    • Gaztelaniazko vaso (edalontzia) euskarazko baso edo zuhaiztiaren parekoa da.
    • Frantsesez main eskua da, eta euskaraz men egiten da (alegia, obeditu).

Azalpen hauen ondoren, pauso bat aurrera emango dugu, eta egitura konplexuagoak ere egon daitezkeela frogatu ahal izango dugu hurrengo BIDEOAN.

Azken adibide hau hizpide harturik, kontutan hartu, hitz egiterakoan hitzak laburtzeko eta hainbat bokal edo kontsonante galtzeko joera izan ohi dugula, eta laburdura hauek jolasteko aukera gehiago eskain diezaguketela. Talde handian zaudetela, galde ezazue, ea beste adibideren bat bururatu ote zaion norbaiti. Hala bada, partekatzeko eskatu.

Unitate honetan, hain zuzen ere, euskararekin eta beste hainbat hizkuntzekin egingo dugu jolas, bide nagusi hauek erabiliz:

    • Euskarazko hitz polisemikoak eta esanahi ezkutua izan dezaketen hitzak erabiliko ditugu.
    • Euskarazko esanahia izan dezaketen beste hizkuntzetako hitzez baliatuko gara.
    • Eta beste hizkuntzak imitatuko ditugu, euskararekin duten hoskidetasunetik abiatuta.

Eta hizkuntzarekin jolas egiteko erabiliko ditugun teknikak ezagutzen hasteko, talde txikitan elkartu, eta bi ariketa hauek egin:

    • Batetik, euskarazko hitz polisemiko pare bat aurkitu.
    • Bestetik, ahoskatzen diren moduan euskara ere izan daitezkeen gaztelaniazko edo frantsesezko, eta ingelesezko pare bat hitz aurkitu.

Ea horrelako hitzak edo izenak aurkitzeko gai zareten! 10 minutu dituzue horretarako. Eta aurkitutako adibideak idatz itzazue Lan-koadernoan, bestela ahaztu egingo zaizkizue-eta!