Hizkuntzen hotsak

”Nola esaten da X hizkuntzan…” formula erabiltzen denean, imitatzen saiatuko garen hizkuntzek bi baldintza bete behar dituzte:

1- Ez gehiegi ezagutu

Gelako gehienek ez dituzue ezagutu behar (egon daiteke salbuespenen bat). Bestela, umore-efektua galdu egingo litzateke.

2- Beraien gutxieneko berri izan

Baina ”ezagunak” egin behar zaizkizue: nolako hotsa duten, hitz edo esaldiren bat, izen edo leku-izenen bat… Bestela, ez badakigu ezer beraiei buruz, umore-efekturik ez da sortzen.

Horiek horrela, gaztelania, frantsesa eta ingelesa aparte utziko ditugu, etxeko hizkuntza gisa edo ikasgai gisa, ezagunak izan daitezkeelako.

Eta zein hizkuntza izan daitezke, orduan, imitagarriak? Horixe da gelan erabaki beharko duzuen lehen kontua.

Talde txikitan bildu eta zerrendatu zein hizkuntza iruditzen zaizkizuen imitagarriak. Honek esan nahi du, baduzuela berauen inguruko oinarri-oinarrizko ezagutzaren bat, berauek imitatzen hasteko aukera eskainiko dizuena. Lehen urrats gisa, Lan-koadernoan dagoen taula bete, hizkuntzen izenak jarriz, eta hizkuntza horiekin lotura duten hitzak, esaldiak, izenak, pertsonaiak, edo lekuak zehaztuz. Gutxienez 5 hizkuntza bakoitzeko.

Bide batez, gelan baldin badago hizkuntza horietakoren bat dakien norbait oso lagungarria gerta dakizueke.

Talde txikitan taula osatu ondoren, talde handian zerrendatuko dituzue agertu diren hizkuntza guztiak. Jolaserako, talde gehienetan errepikatu direnak aukeratuko ditugu.

Behin aukeraketa eginda, hizkuntza horien oinarrizko ezagutza lortuko dugu. Horretarako, bilatu Interneten nola esaten den hizkuntza horietan: Egun on, Kaixo, Ongi etorri edo Eskerrik asko. Ondoren, gelan edo eskolan norbaitek hizkuntza horiek badakizki, ahoskatzeko eskatu (bestela Interneten arakatu). Entzun arretaz nola ahoskatzen diren hitz horiek eta bi eratara apuntatu: hizkuntza horietan idazten diren bezala, eta entzun dugun hori euskaraz idatziko genukeen bezala.

Hasteko, gertuen ditugun hizkuntzekin egingo dugu proba. Idatzi Lan-koadernoan “Eskerrik asko” eta “Egun on”en 3 baliokideak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, entzuten dena euskara balitz bezala jarrita.

Lehen ariketa hau egin eta gero, gehienentzat ezezagunagoak izango diren 2 hizkuntzetara joko dugu: arabiera eta alemana. Lan-koadernoan dituzuen hitzak eta esaldiak bi hizkuntza horietan nola ahoskatzen diren erakutsiko digute Fatimetuk eta Akilesek. Arretaz entzun itzazue beraiek esandakoak, gero euskaraz idatziko genituzkeen bezala transkribatzeko.

Jarduera hau amaitzeko, talde handian, saia zaitezte identifikatzen hizkuntza bakoitzarekin gehien lotzen dituzuen hotsak.