Galdera behar dugu

Imitatu beharreko hizkuntzan, esanahia izan dezaketen esaldiak osatu eta gero, hurrengo pausoa galdera edo definizioa sortzea izango da. “Nola esaten da X hizkuntzan …….?” formulan puntuek adierazten duten hutsune hori da jarduera honetan bete beharko duguna. Aurreko jardueran sortutako hitz eta izenentzako galderak edo definizioak sortu beharko ditugu, beraz.

Elkar zaitezte berriz talde txikietan eta ekin!

Galderen efektu komikoa indartzeko ondo pentsatu beharko dugu zerk egin diezagukeen grazia gehiago.

Galderek jakin-mina pizten badute, erantzunaren eragina handiagoa izango da. Horretarako komenigarria izan ohi da:

      • Entzuleentzat ezagunak diren pertsonaien, lekuen edo erreferentzien izenak erabiltzea.
      • Esaldiak aurkezten duen egoera ”berezi eta barregarri” samarra izatea.
      • Normaltasunetik kanpoko gaiak erabiltzea.

Talde bakoitzak hizkuntza bat aukeratuko du. Hartu esaldiak eta pentsatu beraientzako galderak.

Bat baino gehiago bururatzen bazaizue, bozka bidez aukeratu gustukoena.

Ondoren, talde handian, zuen proposamenak arbelean idatzi, eta konpara itzazue irakasleen gidan proposatu direnekin. Ea hobetu dituzuen!

Teknika hauekin entrenatzen hasteko, aurreko jardueran adibidetzat gisa jarri ditugun esaldiak erabiliko dituzue lehen proba gisa. Esaldi hauetako batzuk, galdera eta guzti izango dituzue Lan-koadernoan, pista modura, eta talde bakoitzak, galderarik gabe azaltzen diren esaldientzako galderak edo definizioak asmatu beharko ditu. Bat baino gehiago bururatzen bazaizkizue, bozka bidez aukera dezakezue gustukoena.

Ondoren, talde handian, esaldiz-esaldi konparatuko dituzue talde bakoitzaren proposamenak, eta egokienak zeintzuk iruditzen zaizkizuen eta zergatik komentatuko duzue denon artean.

Amaitzeko, entzun nola imitatzen dituen Antton Telleriak hizkuntza horiek.