Toponimoen esanahi ezkutuekin topo
Atzerriko izenekin jolastu dugu. Orain Euskal Herrira hurbilduko gara, euskarazko toponimo edo leku-izenek, askotan, lehen begiratuan ikusten ez dugun esanahi ezkutua gordetzen baitute beren baitan. Ez al duzue sinisten? Hona adibide batzuk:
-
- Baiona, zure urdaiazpikoa, bai ona!
- Andoain. Hemen dena garesti saltzen dute eta han dohain!.
- Edo esaera zaharrak dioen bezala, “Errezil, nekez bizi eta errez hil!”
Ikusten duzuen bezala, leku-izenak edo abizenak mantso eta arretaz irakurriz gero, hainbati, bigarren esanahi ezkutua ere aurki dakioke. Adibide gehiago jarriko ditugu:
-
- Zein herritan pasatzen dute ondoen behiek jaietan? Muuuu giron (Mugiro)
- Zein da Euskal Herriko herririk konplexuena? Zalla.
- Zein da Euskal Herriko herririk feministena? Mutil hoa! (Mutiloa)
Jolasa zein den ikusi ondoren, banatu zaitezte talde txikitan. Talde bakoitzak Euskal Herriko herrialde bat edo eskualde bat hartuko duzue eta bertan, bigarren esanahi bat gorde dezaketen herri, auzo, mendi nahiz ibaiak aurkitzen saiatu beharko duzue. Bigarren esanahi horren bilaketan malguak izan gaitezke:
- Errez hil (batuaz ‘erraz’ bada ere).
- Bermeon (= Berme on)
- Ibarrara (= Hi barrara)
- Aramaiori (= Hara mahai hori!)
- Abadiño-tik ‘Aiba diño’ atera genezake.
- Baliarrain-dik ‘Balea arrain’.
- Ondarroa-tik ‘Ondo harroa’.
Umorezko piezak sortzeko behar diren galderak egiten “Galderak formulatzeko bideak” jardueran trebatu garenez, ea zuen zerrendako herrien inguruan zein galdera sortzen dituzuen. Inspirazioa etorri bitartean, Lan-koadernoan dituzuen adibideak lagungarriak izango zaizkizue.
Amaitzeko entzun talde handian Txikiren AUDIO hau, eta entzuten ari zareten bitartean gehien gustatu zaizkizuen piezak apuntatu.
Zeintzuk dira gehien gustatu zaizkizuen txisteak? Bada, erantsi horiek ere zuen zerrendara eta ahalik eta zerrendarik luzeena osa ezazue. Amaitu ondoren, talde handian aurkeztu zuen sorkuntzak.