Piezak sareratzeko prest
Aurreko bi sekuentzietan umorezko piezak edo txisteak sortzen ibili ondoren, egindako lanak aurkezteko unea iritsi zaigu. Jarduera honetan erabaki beharko duzue zein modu erabili pieza hauek sarean zabaltzeko.
Funtsean, 4 aukera izan ditzakezue:
-
- “Meme” modura, galdera-erantzunei irudiren bat erantsiz.
- Testuak bere horretan zabaldu.
- Audio-artxibo modura zabaldu.
- Bideo formatuan, galdera-erantzunak testu gisa erantsita.
-
Talde txikitan, beraz, sortu dituzuen txisteak zein formatutan aurkeztu nahi dituzuen erabakiko duzue. Horretarako, sekuentzien amaieretan sortutako txisteen taulak hartu (“Sareratzeko materiala sortzen” eta “Materiala pestatzen” jardueretakoak) eta txiste bakoitza zein formatutan zabalduko duzuen adostu.
Formatuak aukeratutakoan, lanak gauzatzeko aditu taldeak sortuko dituzue. Talde txiki bakoitzeko partaide bakoitza aditu talde batera joango da. Ondorengo hauek izango dira talde bakoitzak egin beharreko lanak:
Grafista taldea
-
- Galdera-erantzunak nola aurkeztu: letra-motak eta esaldiak agertzeko moduak, konposizioa…
- Erabili beharreko irudien estiloa definitu.
- Artxiboak gordetzeko formatua aukeratu (jpg, gif…).
Interpretazio taldea
-
- Hizkuntzen imitazioa, ahoskera.
- Gorputzaren mugimenduak.
- Begiradak eta aurpegierak.
- Intonazioa.
- Pausak.
Partaide bakoitzak interpretatu beharko dituen pertsonaiak banatu beharko dituzte eta entseguak egin.
Grabaketa taldea
-
- Gailuak prest izan: bateriak kargatuta, mikrofonoen pilak…
- Txiste bakoitza grabatzeko eszenografia pentsatu eta prestatu.
- Grabaketa planifikatu: zein ordenetan grabatu, non…
- Materialaren postprodukzioa egin: bideoak eta audioak editatu eta sarean zabaltzeko prest utzi.
Produkzio eta komunikazio taldea
-
- Talde txiki bakoitzean sortutako txisteen gidoiak aditu taldeekin koordinatu eta beharrak identifikatu.
- Behar diren materialak badaudela ziurtatu edo lortu: dekorazioa, objektuak, arropak, karakterizazioa, edo behar den zernahi.
- Interpretazio taldearekin eta grabaketa taldearekin lankidetzan aritu beharko dute.
- Talde bakoitza bere materiala modu egokian sareratzen ari dela ikuskatuko dute.
- Promozioaz ere arduratuko dira: kartelak, eskolaren weba, sare sozialak…
“Nola esaten da…” formula erabiliz sortutako txisteekin meme edo bideoak sortzerakoan, hizkuntza horietako hiztunen irudiak erabili edo karakterizazioak egin behar badira, oso garrantzitsua da errespetuzkoak izan daitezen zaintzea, eta ahal dela estereotipoetatik alde egitea. Alegia, irudi modernoak izatea, identifikagarriak baina ez topikoak, genero berdintasuna bermatzea, etab. Memeen kasuan, hona egin daitekeenaren adibide bat:
Behin lanak banatuta eta gero, talde bakoitzak egokitu zaizkion lanak aurrera eramango ditu. Aditu taldeetako ordezkariek beraien artean koordinatu beharko dute hainbat erabaki hartzeko: entseguak noiz egin, grabaketak noiz burutu…