Trikimailuak

Aurreko jardueran izan duzuen lehen esperientziaren ondoren, saia zaitezte orain, txiste gehiagorekin. Horrek denbora pixka bat eskatuko dizue eta behar adina proba eta entsegu egitea.

Txisteen kontaketa hobetzeko eta eraginkorragoa izan dadin, oinarrizko teknika batzuk landuko ditugu ondoren, “Kontaketarako trikimailuak izenpean bildu ditugun proposamenen bidez.

Adjektiboak

Txistearen hasieran (eta komeni denean, baita ondoren ere) pertsonaiak edo egoerak deskribatzeko erabil daitezkeen adjektiboak bilatu eta zerrendatu. Oso erabiliak diren eta ohikoak direnetatik kanpo, bilatu aukera gehiago. Hona, txiste-kontaketa aberastu eta koloreztatu dezaketen adjektibo batzuk: zuhur, xarmant, ergel, ipurterre, ipurtarin, alfer, bizkor, petral, zital, goibel….

Sarrerak zaindu

Txistearen kokapena ondo markatu hasieran: noiz eta non gertatu den, zeintzuk diren partaideak eta zertan ari diren. Entzuleak txistea ulertzeko behar dituen elementuak eskaini, ahal dela, ukitu komikoak erantsita: “Miren, gelako ikasle bihurriena zen…”, “Goizeko ordu biak dira. Bi lagun lurrean zerbaiten bila farol baten argipean…”

Aditzaren aspektua zaindu

Narraziozko txisteetan, batez ere, akzioa noiz gertatu den edo noiz ari den gertatzen adierazteko denbora-marka desberdinak erabili: aspaldi batean, neguko goiz batean, behin batean, duela egun batzuk, aurreko egun batean, eskolatik etxera zihoala…

Onomatopeiak

Kontatzen ari garen ekintzak indartzeko eta sinesgarriagoak izateko erabili ohi dira: txirrina jo zuen ‘tirrriiiin’, ostikoa eman zion ‘danba’, uretan murgildu zen ‘glugluglu’, negarra egin zuen ‘uaaaaa’…

Erritmoa eta tonua

Erritmoaren bidez, kontaketa arindu edo mantsotu egin genezake, akzioari abiadura erantsiz edo misterio kutsua emanez.

Tonuaren bidez, gertutasuna lortu genezake, suspensea adierazi edo liskar giroa nabarmendu, esate baterako.

Errepikapenak

Errepikapenek, efektu komikoa lortu ohi dute. Hitzak edo esaldiak oso segidan errepikatzen badira, edo behin baino gehiagotan narraziozko txiste batzuetan egin ohi den bezala, txistea indartu egin daiteke. Adibidea, txiste-zerrendako 17.a (Platanoa).

Aditzaren aspektua zaindu

Erdararen eraginez, “esaten du”, “joaten da” edo “pentsatzen du” bezalakoak erabiltzen dira maiz. Askoz ere egokiagoa da txisteak euskaraz kontatzean aspektu burutua erabiltzea: “esan du”, “joan da” edo “pentsatu du”.

Txisteak gaurkotu eta gerturatu

Txisteetan agertuko diren lekuak, pertsonak eta gertaerak, ahalik eta ezagunenak eta (ahal denean), garaikideenak izan daitezen saiatu. Ohar hau, batez ere, txisteak itzultzerakoan hartu aintzat, kontua ez baita esaldiak itzultzea bakarrik, egoerak gerturatzea eta egokitzea baizik.

Ondoren, aurreko jardueran talde handian kontatu dituzuen txisteak aberasten saia zaitezte, ezagutu ditugun trikimailu hauek erabiliz. Denon artean egindako egokitzapenak amaitu eta gero, berriro kontatuko dituzue txisteak talde

txikietan, eta aldaketak eta hobekuntzak nabaritu ote diren eztabaidatuko duzue.

Eta jarduera amaitzeko, “trikimailuez” gain, gure artista gonbidatuek aktuatzerakoan dituzten “maniak” ezagutuko dituzue.