Kontatu… eta antzeztu!

Aurreko jardueran aipatu dizuegun bezala, unitate honetan, txisteak kontatzen eta antzezten jarriko zaituztegu. Baina, jarduerari hasiera emateko, eta adibide modura, ikusi Aitziber Garmendiak eta Iker Galartzak gorpuztutako Andoitz eta Goraneren esketx hau:

 

Ezagutzen al zenituzten Andoitz eta Gorane? Merezi zuen ezagutzea, ezta?

Bada, orain, talde handian azaldu, zuen ustez, zer den esketx bat. Iritziak jaso ondoren, Harluxet hiztegian datorren definizioarekin konparatuko ditugu:

Sketch (Hiztegiaren definizioa)

(ingelesezko hitza) iz. Antzerkian, zinean, irratian edo telebistan, eszena laburra, gehienetan komikoa; komiki-banda eszenifikatua.

Esketxen ezaugarrien artean honako hauek nabarmendu daitezke:

      • Laburrak izan ohi dira: minutu bat-bost minutu artekoak.
      • Antzerki edo telebista piezak izan ohi dira. Pieza horietan egoera jakin bat erakusten da eta mezu zehatza helarazten zaio ikusleari.
      • Errealitatea irudikatzen da bi genero nagusiren bidez: komikoa eta dramatikoa.
      • Partaideek antzeztu edo interpretatu egiten dute egoera jakin hori. Antzezpenerako espazioa prestatu eta antolatu egiten da, eta pertsonaia bakoitzaren jantziak, ezaugarriak eta hitz egiteko moduak argiak eta markatuak izaten dira. 
      • Historia, hasi, garatu eta amaitu egiten da. 
      • Nahi adina aldiz errepikatu daitekeen pieza soltea da.

Guk ere, honelako pieza umoretsuak sortuko ditugu, baina esketx asmatuak izan beharrean, txiste antzeztuak izango dira. Egitura aldetik, eskema berbera dute batzuek nahiz besteek. Alde nagusia da, bata kultura herrikoiak anonimoki sortutako pieza dela, eta bestea, berriz, egile ezaguna duen obra asmatua, gehienetan.

Ondoren, talde txiki bakoitzak, ikusitako esketxa erreferentziatzat harturik, Lan-koadernoko taula osatu beharko du.

Talde txikitako lana amaitzean talde bakoitzeko bozeramaileak, bere emaitzak aurkeztuko ditu talde handian. 

Ea denak bat zatozten emaitzetan! Honela ez bada, konpara itzazue eta ondorioak atera.

Aizue! Eta gelan inor animatuko al zinatekete Andoitz eta Gorane imitatzera? Hala balitz, aurrera!