Egoerak zehazten

Umorezko jaialdian antzeztuko dituzuen txisteak aukeratu beharko dituzue jarduera honetan. 

Talde txikitan bildu, eta talde bakoitzak egoera bat aukeratu beharko du txisteak antzezteko: irakaslea eta ikasleak, gazte talde bat, etxe barruko harremanak, medikuaren kontsulta, epaiketa, plazako eserleku batean eserita dauden pertsonak…

Jaialdian, talde bakoitzak egoera jakin bat antzeztuko du, modu horretan txiste guztiak segidan eskaini ahal izateko. Behin egoera zein izango den jakinda, egoera horretan antzeztu ahal izango diren txisteak aukeratu beharko dituzue. Aukeratzeko bi bide dituzue:

  • Egoera aukeratu, eta ondoren, egoera horretara egokitzen diren txisteak bilatzen hasi.
  • Antzez daitekeen txiste bat aukeratu eta egoera horretan antzez daitezkeen txiste gehiago bilatu.

Aukeratutako egoera Lan-koadernoan idatzi, eta horrekin batera, egoera horretan antzez daitezkeen txiste pare bat edo hiru.

Adibidez, 18. eta 20. txisteak jatetxe batean gertatzen dira, pertsonaia nagusi bat dute (Pili, jatetxeko nagusia), eta bezero bana txiste bakoitzean. Egoera hori aukeratuko bagenu, jatetxe batean antzez daitezkeen txisteak beharko genituzke.

Egin kontu, txiste asko oso egoera desberdinetan kontatu daitezkeela.

Egokitzapen txiki batekin ondo konta daitezke beste testuinguru batean. Esate baterako, 11. txistea unibertsitatean kokatuta dago, baina inolako arazorik gabe izan zitekeen aurreko adibideko jatetxeko nagusiaren eta bezeroaren arteko elkarrizketa.

Behin erabaki ondoren, talde bakoitzeko bozeramaile talde handian aurkeztuko du aukeratutako egoera.