Txisteologia. Txiste-motak

Txisteak sailkatzeko modu asko daude. Oinarrizkoena gaien arabera sailkatzea izan ohi da:  lanbidearen edo egoeraren araberakoak (medikuen txisteak, eskoletakoak, jatetxeetakoak…), jatorriaren araberakoak (euskaldunenak, mexikarrenak, katalanenak…), protagonisten araberakoak (bikoteak, haurrak, animaliak…), etab.

Luzeraren edo “kolorea”ren arabera ere sailkatu izan dira, baina burutu behar ditugun ariketetarako interesgarriagoa den sailkapen bat aukeratu dugu: formatuaren

araberakoa. alegia. Formatuaren araberako sailkapenak, txisteen egiturari eta nolakotasunari begiratzen dio, batez ere. Txiste-mota bakoitzak, beraz, hizkuntzaren aspektu jakin batzuk bereziki lantzeko aukera eskainiko digu: elkarrizketak, narrazioak (agurrak, deskribapenak…), galdera-erantzunen formulazioak, hizkuntzaren alderdi ludikoa…

Hona, formatuaren araberako txisteen sailkapena:

Elkarrizketak
Narrazioak: istorio edo gertaera bat kontatzen dutenak
Galdera-erantzunak edo konparaketak
Hitz-jokoak edo hitz-jokoetan oinarritutakoak
Txiste absurdoak

Ondoren, gure gonbidatuek kontatutako txiste gehiago biltzen dituen BIDEOA ikusiko dugu.

Hau kontalari kuadrilla bildu duguna! Hauek inguruan izanez gero ez dago aspertzerik! Orain, talde txikitan bilduko zarete, eta entzundako txisteak zein motatakoak diren eztabaidatuko duzue, Lan-koadernoan duzuen taula osatuz.

Jarduera amaitzeko, talde bakoitzeko bozeramaileak, ondorioak azalduko ditu, eta denak bat etorri ote diren ikusiko duzue. Hala ez bada, aldeak non dauden aztertu eta eztabaidatuko duzue, ondorio batera iritsi arte.

Lan hau amaitutakoan, talde txikitan bilduta, txiste-mota bakoitzeko, beste txiste bat proposatuko duzue eta Lan-koadernoan idatzi (horretarako, gure “Txiste-Bilduma” ere erabil dezakezue).

Eta jarduera bukatzeko, zer hoberik txiste batzuk kontatzea baino! Zotz eginez, aukeratu talde bakoitzean txistea nork kontatuko duen eta zer txiste-mota, talde guztien artean, mota guztietako adibideak eman beharko dituzuelarik.