Badator, "Txistealdia"

Material guztia prest duzue, baina orain emanaldia nolakoa izango den definitu beharko duzue. Zenbat gauza erabaki behar diren horrelako jaialdi bat antolatzeko!

Non eta noiz egingo den. Saio bakarra edo gehiago egingo dituzuen.

Nori eskainiko diozuen jaialdia.

Nola antolatuko duzuen saioa.

Nola iragarriko duzuen.

Nola banatuko dituzuen lanak.

Lehenengo eta behin, data aukeratu beharko duzue, irakaslearekin eta, behar bada, ikastetxeko arduradunekin batera: ikasturte amaierako festa, Inauterien aurreko azken eguna, Euskararen Eguna edo egokien ikusten duzuen eguna izan daiteke.

Talde handian aipatuko dituzue egun posibleak eta, bozketa bidez, egun bat finkatuko duzue.

Eguna erabakitakoan, egin beharrekoak epemuga bat izango du. Saio bat baino gehiago egitea aurreikusiko balitz, sistema bera erabiliko litzateke.

Ondoren, lanak gauzatzeko aditu-taldeak sortuko dituzue. Talde txikietako partaideak aditu taldeetan banatuko zarete. Ondorengo hauek dira taldeak eta egin beharreko lanak:

Koordinazio-taldea

Jaialdiaren nondik norako nagusiak definituko ditu:

    • Non egingo den eta nori zuzendutako jaialdia izango den erabakiko du eskolako arduradunekin batera.
    • Jaialdia nola antolatuko den zehaztuko du.
    • Entseguetarako lekuak lortzeaz eta entseguetakoa prestatzeaz arduratuko da.
    • Jaialdiaren garapena eta entseguen antolaketa haren ardurapean egingo dira, eta hark antolatuko du talde bakoitza non kokatuko den, ordena, sarrera-irteerak, aldagelak, etab. 
    • Aurkezleak behar badira, talde honek aukeratuko ditu (kontutan izanik, gero jaialdian parte hartuko dutela).
    • Jaialdiaren antolaketaren edo garapenaren inguruko oharrak zabalduko ditu.

Komunikazio-taldea

Jaialdiaren berri emateaz arduratuko da:

    • Publizitatea egingo du ikastetxean, eta beste geletako ikasleen partaidetza ziurtatuko: iragarkiak, kartelak, sare sozialetarako bideoak, e-mailak…
    • Talde hau jaialdiaren grabaketaz ere arduratuko da:
        • Jaialdia eta making-offa grabatzeko materiala lortu, grabatu eta postprodukzioa egin. 
        • Gailuak prest izan: bateriak kargatuta, mikrofonoen pilak…
    • Jaialdiaren ondorengo zabalpenerako beharko diren argazkiak eta bideoak lortu eta nola zabaldu planifikatuko du.
    • Jaialdiaren izena proposatuko du, nahiz eta erabakia talde handian hartuko den kasu horretan. 

Produkzio-taldea

Jaialdiaren alderdi materialaz arduratuko da, batez ere: 

    • Jaialdirako behar den guztia prest edukitzeaz arduratuko da: dekorazio orokorra, oholtza atontzea, antzezteko, etab. 
    • Haien esku geratuko da, partaideek behar dituzten eta eskuratzen zailak diren materialak lortzea. Baita makillajea ere.
    • Jaialdia egingo den lekua eta oholtza atontzeaz hark arduratuko dira. 
    • Argia eta megafonia (eta efektu bereziren bat beharko balitz) ere beraien esku egongo dira.