Gidoien idazketa

Txisteak antzeztu ahal izateko, gidoiak idatzi beharko dituzuenez, langintza honetan trebatuko gara jarduera honetan.

Talde handian, txiste arrunt bat nola bilakatzen den gidoi ikusiko dugu. Horretarako zerrendako 25.a (Matematika) hartuko dugu. Txiste-zerrendan datorren bezala dugu ezkerreko zutabean eta gidoi bihurtuta eskubikoan. 

Txiste arrunta

Zatiketen logika ezin ikasleen buruan sartu, eta Karmele irakasleak adibide praktiko bat jartzea erabaki du:

– Ea, patata bat hartu eta erdibitzen badut, zer daukat?

– Bi patata zati! -Alaznek-.

– Ongi. Eta zati horiek berriro erdibitzen baditut?

– Lau patata zati! -Anderrek-.

– Oso ongi. Eta zati horiek berriro erdibitzen baditut?

– Zortzi patata zati! -Arantxak-.

– Eta berriro erdibitzen baditut?

– Patata frijituak! -Patxiku Txikik-.

Txistea gidoi bihurtuta

Eszenatokia:

Eskolako gela bat. Irakaslearen mahaia eta aulkia. 4 ikasleren mahaiak eta aulkiak. Arbela. Eskolako giroa irudikatuko duten elementuak.

Pertsonaiak:

Karmele: 35-40 urteko emakumea. Irakaslea

4 ikasle: Alazne, Ander, Arantxa eta Patxiku txiki. 10-14 urte ingurukoak.

Eskolara eramango lituzketen gaur egungo jantziekin, eta eskolako materialarekin (liburuak, koadernoak, arkatzak eta boligrafoak…)

Irakaslea matematika azaltzen ari da eta ez du lortzen ikasleek ulertzea. Arbelean matematikako formula batzuk ikusiko dira. Ikasleak asperdura-aurpegiarekin, ulertzen ez duten keinua eginez. Irakasleak, etsitzen hasita, beste bide bat hartzea erabaki du:

KARMELE

(Arnasa hartuz, eta etsita badago ere, berriro saiatuko dela adierazten duen ahots animosoarekin)

– Ea, gazteok! Lasai, orain ulertuko duzue eta! (Imintzioa eginez, eskuetan patata bat balu bezala) Eskuetan patata bat hartu eta erdibitzen badut, zer daukat?

ALAZNE

(Erabat agerikoa den gauza sinple bat esan duela adierazten duen keinua eginez)

– Bi patata zati!

KARMELE

(Poz-pozik erantzun egokia jaso duelako)

– Ongi. Eta zati horiek berriro erdibitzen baditut?

ANDER

(Aurpegiaren imintzioarekin, galdera errazegia dela adieraziz)

– Lau patata zati!

KARMELE

(Gero eta motibatuago, eta tonua pittin bat altxatuz)

– Oso ongi. Eta zati horiek berriro erdibitzen baditut?

ARANTXA

– Zortzi patata zati! 

KARMELE

(Guztiz emozionatuta eta ahots-tonua nabarmen goratuz)

– Eta berriro erdibitzen baditut?

PATXIKU TXIKI

(Karmeleren hitzak zapalduz, aulkitik altxa, eta azkenean, ulertu duenaren pozarekin, ozen)

– Patata frijituak!

Orain talde txikitan elkartuko zarete eta, zerrendako txiste bat gidoi bihurtuko duzue Lan-koadernoan. Lanak amaitzean, talde handian aurkeztuko dituzue, eta egon daitezkeen hutsuneak edo egin beharreko moldaketak denen artean komentatuko dituzue.