Txisteen egokitasuna eta hartzaileak

Txisteek min ere egin dezakete. Horregatik, aukeratutako txisteen egokitasunaz hitz egingo dugu. Helburua oso garbia da: gelako inor ezin daiteke minduta edo erasotua sentitu, besteek kontatzen dituzten txisteekin. Baina gure buruaz barre egiten ere ikasi behar dugunez, jarrera horrek bat egin behar du, ikuspegi ireki eta kritiko batekin.

Txiste asko estereotipoetan oinarritzen da, eta “bestea”rekiko, “ahula”rekiko edo “diferentea”rekiko jarrera erasokorra bultzatzen dute. Guk landu nahi dugun umorea, ordea, ez da besteen kontura iseka eta txantxak egiteko, edo ingurukoak mintzeko, ikaskideekin eta bestelakoekin batera gozatzeko baizik. Txisteak zertaz, eta nola kontatzen diren, zaindu beharreko aspektua da, ezbairik gabe.

Hori dela eta, txiste desegokiak identifikatzeko eta baztertzeko modua landuko dugu, partekatzen ditugun balioetan oinarrituta. Horretarako talde txikitan bilduta galdera hauei erantzungo diezue, eta erantzunak Lan-koadernoan idatzi:

      • Nolako txisteak dira kontatu beharko ez liratekeenak?
      • Zeintzuk dira, umorearen bidez, sustatu nahi diren baloreak?
      • Zer konpromiso hartuko ditugu txiste desegokiak ekiditeko?

Ondoren, talde handian partekatuko dituzue ondorioak, “Errespetuzko txisteen ezaugarriak” zeintzuk diren azalduz, eta inor mindu dezaketen txisteak ekiditeko moduak zehaztuz. 

Taldean kontatu ahal izango diren txisteen “marra gorriak” marrazterakoan, nolanahi ere, ikuspegi zabala eta tolerantea ere landu beharko zenukete, eta umorearekiko jarrera irekia sustatu. Umorearen mugak beti direlako eztabaidagai, eta zentsuraren eta adierazpen-askatasunaren arteko banaketa-lerroa beti delako fina eta irristakorra.