Erregistro desberdinak aukeran
Pertsonok oso modu desberdinetan hitz egiten dugu. Hizkuntza desberdinak erabili ohi ditugu, baina hizkuntza bera erabiltzen dugunon artean ere, ez dugu beti modu berean hitz egiten. Are gehiago, pertsona berak, era askotara hitz egin dezake, egoeraren arabera; hizkuntza-erregistro desberdinak erabil ditzake, alegia.
Jendearen hitz egiteko modua aldatu egiten da toki batetik bestera, dialektoak (edo gurean euskalkiak) sortuz. Adinaren arabera ere desberdin hitz egiten dugu; zuek zeuok ez duzue orain, bost urte zenituztenean bezala hitz egiten! Hala espero, behintzat!
Eta lanbide askotan ere hizkera bereziak erabiltzen dituzte: informatikariek, arrantzaleek…
Txisteak kontatzerakoan, komeni da, pertsonaia guztiek ez modu berean hitz egitea beti. Beraz, hizkera-erregistro desberdinak erabiltzen hasiko gara. Talde txikitan banatu eta elkarrizketa-formatuko bina txiste aukeratu. Txisteek, batuaz eta zuka idatzita egon behar dute. Ondoren, talde bakoitzean, txisteak erregistroz aldatuko dituzue: txisteetako bat erregistro informalagoa erabiliz erredaktatuko duzue, eta bestea hika.
Lan-koadernoan dituzue egin behar duzuenaren bi adibide.
Moldaketak egiterakoan “Erregistro informala lantzeko Gida“ kontsulta dezakezue.
Talde txikietako lana amaitzean, talde handian aurkeztuko duzue egindakoa, eta denen artean aztertuko duzue ea egin dituzuen moldaketak egokiak diren, edo alternatiba hobeak egon daitezkeen eta zergatik.