Paperen banaketa
Txisteen zerrenda osatu duzue, baina orain rolakbanatu beharko dituzue. Lehen esan bezala, komeni da parte-hartzeetan ahalik eta orekarik handiena izatea, nahiz eta jakin rol nagusiak dituztenek protagonismo handiagoa izango dutela.
Rolak banatzerakoan, guztiak ados eta pozik geratu beharko duzue egokituko zaizuen lanarekin. Horretarako, sistemarik garbiena pertsonaiak zozketa bidez banatzea da. Denak denen artean, edo pertsonaia jakin batzuk, haiek antzezteko egokitzat jotzen direnen artean, behintzat. Salbuespena izan litekeik, taldean, denek oso garbi ikustea badela ikasleren bat, paper jakinen baterako ezin egokiagoa dena.
Bestalde, pertsonaia bat baino gehiago ere antzez ditzakete zuetako batzuek. Horrelakorik egin nahi izanez gero, jantzietan edo karakterizazioan egin beharreko aldaketek zenbat denbora eskatzen duten ondo neurtu beharko duzue entseguetan, eta horren arabera, txisteen ordena aldatu, edo pertsonaia beste ikaskideren bati eman. Pertsonaien banaketa ere Lan-koadernoan apuntatuko duzue.
Rolak banatutakoan, lehen entseguak egingo dituzue. Aurrena, bakoitzak bere rola ikasi, eta ondoren, “esketxak” lantzen hasiko zarete denen artean. Lehen entsegu hauetan, txisteen edukiei eta egiturei erreparatuko diezue, batez ere, eta sor daitezkeen aldaketak eta egokitzapenak lan-koadernoko gidoietara eramango dituzue. Eta entseguetan ikusiz gero txisteren bat ez dela egokia edo badagoela efektu komiko indartsuagoa duen besteren bat, hauxe da aldaketak egiteko momentua.