Entsegu orokorra
Ematen du dena prest daukagula, baina oraindik txisteak entseatu egin behar ditugu. Zenbat eta gehiago barneratu, orduan eta lasaiago eta naturalago aterako zaizkigu besteen aurrean. Pentsa dezakezuenez, bizpahiru entsegu behintzat egin beharko dituzue.
Une hau iristean, bat baino gehiago urduri jartzen hasiko zarete, eta baliteke antzerkirako ez duzuela balio pentsatzea. Gure gonbidatuek ongi ezagutzen dute trantze hori eta, animozko mezu batzuk helarazi nahi izan dizkizuete.
Urduritasuna gainditu eta entseguei ekin beharko diezue, beraz! Aurretik, testuak ondo ikasita izango dituzue eta entsegura behar dituzuen arropa eta material guztiekin joango zarete. Ezer faltako balitzaizue, produkzio-taldeari jakinaraziko zeniokete.
Bai bakarkako txiste-kontaketaren, eta bai txiste antzeztuen entseguan komeni da une horretan parte hartzen ez dutenen artean edo paper gutxien dutenen artean idazkari-lanak beteko dituzten ikaskideak izendatzea (antzerkietako zuzendari baten funtzioak betetzeko):
-
- Antzezpena noiz hasi markatuko dute.
- Hobetu beharrekoen zerrenda idatziko dute: gaizki esandakoak, hobetu daitezkeen antzezpenak, edo beraiei edo ikusten ari direnei sortutako edozein ohar.
Txisteen entsegua amaitutakoan, oharrak komentatuko dituzte aktoreekin, egin beharreko moldaketak eta hobekuntzak egin ditzaten. Horrela jokatuko dute txiste guztietan eta entseguan txiste bakoitza berrikustean.
Txisteak jaialdirako prest dauzkazuela erabakitzen duzuenean amaituko dira entseguak.
Eta ez ahaztu, entseguak ere dibertitzeko eta ondo pasatzeko une egokiak direla!